400 ekoizle baino gehiago bildu dira Dastatu proiektuaren inguruan, euskal produktuak internet bidez merkaturatzeko

  • Behi eta ardien euskal abeltzainak elkartzen dituen Harakai-Urkaiko kooperatiba eta txerriak mendian aske hazten dituen Txerrizaleok-Basatxerri baserritar elkartea Dastatu plataformara batu dira, hasieratik ekimenaren sustatzaile den Lur Lan baserritar elkartearekin bat eginez 
  • Proiektuaren xedea, euskal elikagaiak merkaturatzea ez ezik, Euskal Herriaren irudia nazioartean hedatzea da 
  • Dastatuk, epe ertainera, gastronomiarekin loturiko hainbat esperientzia sustatuko ditu; hala nola dastatzeak, ekoizpen zentroetara bisita gidatuak eta bazkari herrikoiak

400 ekoizle baino gehiago bildu dira euskal produktuak merkaturatzeaz arduratzen den online plataforma nagusiaren inguruaren. Dastatu proiektuak zortzi urte daramatza martxan eta etengabe hazi da geroztik. Orain bultzada berria jaso du Harakai-Urkaiko kooperatibaren eta Txerrizaleok-Basatxerri elkartearen bateratzeari esker. Izan ere, lehenengoak ardi eta behien 310 abeltzain bazkide ditu, eta bigarrenak, txerriak aske hazten dituzten 34 ekoizle.

Hasieratik Lur Lan baserritar elkartea barne hartzen duen plataformak kalitate handiko euskal edari eta jakiak komertzializatzen ditu. Euskal gastronomiaren eta produktuen ospea da, proiektuaren arduradunen ustetan, Estatuan eta nazioartean elikagai horien banaketa indartzeko apustuaren “bermerik handiena”. Dastaturen eskaintzaren barne euskal kalitate-ziurtagiri eta jatorri-deitura nagusiak daude; Idiazabal, Eusko Label eta Arabako Errioxa, kasu. Bestalde, gourmet produktuak eta ekologikoak ere badaude.

Hala ere, Dastaturen erronka ez da euskal produktuen salmentara mugatzen. Datozen urteotan, Estatuan nahiz nazioartean Euskal Herriaren irudia hedatu nahi dute, bertako gastronomia oinarritzat hartuz. Horretarako, proiektuan murgildu diren ekoizleek, epe ertainera, hainbat esperientzia gastronomiko jarriko dituzte martxan: dastatzeak, ekoizpen zentroetara bisita gidatuak edo bazkari herrikoiak, adibidez.

“Euskal produktuen erreferentziazko web orria bilakatu nahi dugu, eta gure plataformatik turismo gastronomikoa sustatzen lagundu” diote Dastatun.

Atxikipen berriekin 432 bazkide batu dituen proiektua EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko ekoizle orori irekia dago. “Ongi etorriak izango dira euren produktuak apustu kolektibo honen bitartez merkaturatu nahi dituztenak, betiere Dastatuk eskatzen dituen kalitate eta jatorri baldintzak betetzen badituzte. “Zenbat eta gehiago elkartu, orduan eta hazkuntza-gaitasun handiagoa izango dugu”.

Egun, bezero gehienak partikularrak dira, online supermerkatu gisa funtzionatzen duen plataformak erraztasun ugari eskaintzen baititu. Hala ere, jatetxeen eta delicatessen denden eskariak gorantz doaz. Adibide moduan, Erresuma batuan, Alemanian, Frantzian….euskal jatetxeakin hasi gara lanean orain dela gutxi.

Bezeroek oso positiboki baloratzen dute Dastatuk eskaintzen dituen produktuen eta zerbitzuen kalitatea: 10etik 9,5eko puntuazioa eman diote plataformari. “Gure bezeroen iritziaz oso harro gaude, eta gurea bezalako proiektu batetik espero den kalitate eta zerbitzu maila mantentzeko lanean jarraituko dugu”.